II. ATALA.
Oinarri Deontologiko Orokorrak
Lanbidearen jardueraren hobekuntza kualitatiboa bultzatu nahi dute ondoko funtsezko oinarri hauek. Gizarte hezitzailearen jarduera orientatuko duten oinarriak dira.
1. Giza Eskubideen errespetua.
Gizarte hezitzaileak oinarrizko eskubideen esparruaren barruan eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean zehazturiko eskubideen arabera jardungo du beti.
2. Gizarte eta hezkuntza jardueraren subjektuen errespetua.
Gizarte hezitzaileak lanean ari den pertsonen alde jardungo du eta haien autonomia eta askatasuna errespetatuko ditu. Oinarri honen funtsean daude duintasunaren errespetua eta profesionaltasunaren oinarria, Kode honetan deskribatua.
3. Gizarte justizia.
Zuzenbide Gizarte Estatu Demokratikoaren esparruan eta ez ongiletza edo karitate-arrazoiengatik, gure komunitateko edozein pertsonak du gizarte zerbitzuetarako eskubidea, eta eskubide horretan oinarrituko da betiere gizarte hezitzailearen jarduna.
Gainera, gizarte eta hezkuntza ekintzaren prozesuan betiere jardungo du gizarte hezitzaileak pertsona, talde eta komunitateen garapen eta ongizate oso integralaren alde eta, egoera kritikoetan ez ezik, eguneroko bizitzaren globalitatean ere hartuko du parte, azentua gizarteratzea zailtzen duten eta pertsonen marjinazioa eta bazterketa ekar ditzaketen gizarte baldintzen gainean ipiniz.
4. Profesionaltasuna.
Bideratzen dituen jardueretarako gaitasunean, gauzatasunean eta kualifikazioan, auto-kontrolerako duen gaitasunean eta bere praxi profesionalaren gainean gogoeta egiteko gaitasunean oinarritzen da gizarte hezitzailearen aginte profesionala. Unibertsitate-titulu bereziak edo Gizarte Hezkuntzarako kolegio profesional baten araberako gaitzeak ematen diote abala jarduera profesional horri.
Gizarte hezitzailea bere praktika profesionaleko metodo, estrategia eta tresnen erabilera zorrotzerako prestaturik dago bere lanbidean, eta gai izango da halaber bere presentziak gizarte eta hezkuntza jarduna muga dezakeen une kritikoak zehaztu eta identifikatzeko. Beharreko gaitasunez hornitu da eguneko praktika gauzatzeko, hala teorian nola praktikan. Lanari ekiterakoan taldean edo sarean bideraturiko hezkuntza-proiektu batean oinarrituriko hezkuntza-asmo zintzo bat du beti eta etengabe ikasteko prest dago etenik ez duen ikaskuntza-prozesu baten bidez, jakinik haren bidez garatuko dituela jarduera profesionala erraztuko dioten baliabideak.
5. Gizarte eta hezkuntza jarduera.
Oinarrizko egitekotzat pertsonari bere bizitzako protagonista izaten lagunduko dion hezkuntza-lotura baten sorrera duen hezkuntzaren profesionala da gizarte hezitzailea.
Gainera, bere egiteko profesionala pertsonari, taldeari eta komunitateari bizi maila hobetzen laguntzea delako ustea eta erantzukizun osoa izango da gizartea hezitzailearen oinarria gizarte eta hezkuntza jarduera guztietan. Beraz, gizarte eta hezkuntza harreman horretan ez dagokio protagonista papera, lanean harremanetan dagoen pertsona, talde edo komunitateen nortasuna harturik.
Halatan, gizarte eta hezkuntza jardueretan zuzenean hurbiltzen saiatuko da beti lan-esparruko pertsonengana, haiengan norberaren hazkunde positibo baterako eta bizi diren komunitatean integrazio kritiko baterako aukera emango duten hezkuntza-prozesuak sustatuz eta bultzatuz.
6. Autonomia profesionala.
Gogoan edukiko du gizarte hezitzaileak gizartean lanbidearen bitartez bideratzen duen funtzioa, haren funtsezko oinarri deontologiko orokorren arabera gizartean dauden premia batzuei hezkuntza mailako erantzuna ematen direlarik. Lanbidearen ordain gisa, haren araberako jardueren ondorioz sortutako erantzukizunak beretuko ditu.
7. Koherentzia instituzionala..
Lanean ariko den instituzioaren eskaria, hezkuntza-proiektua eta barne erregimenerako araudia ezagutu eta errespetatuko ditu gizarte hezitzaileak.
8. Informazio arduratsua eta isilpekotasuna.
Laguntzen ari den pertsonen zuzeneko edo zeharkako informazioei dagokien sekretu profesionala gordeko du gizarte hezitzaileak. Lanbideak hala eskatuta profesionalen edo erakundeen artean informazioa eman edo jaso behar denean, pertsona, talde komunitatearen alde jokatuko du gizarte hezitzaileak informazio-translazio horietan guztietan, eta oinarri etikoetan eta/edo legezko arauetan oinarrituko da beti jardun horretan, interesatuak eginiko guztien jakinaren gainean edukiko dituela.
9. Elkartasun profesionala.
Jarrera aktibo, eraikitzaile eta solidarioari eutsiko dio beti gizarte hezitzaileak gizarte-hezkuntza jardueran parte hartzen duten gainerako profesionalekiko harremanetan.
10. Partaidetza komunitarioa.
Gizarte hezitzaileak komunitatearen partaidetza bultzatuko du hezkuntza-egitekoetan, pertsonen bizi maila aldatzeko eta hobetzeko baliabideak eta gaitasunak sorraraziko dituena berekin harremanetan dagoen komunitatea bera izan dadin bultzatuz.
11. Funtzioen eta koordinazioen arteko osagarritasuna.
Modu koordinatuan lan egingo du gizarte ekintzaileak, taldeetan edo/eta sareetan aritzean. Taldean duen funtzioa ezagutuko du, bai eta sarean okupatzen duen lekua edo posizioa ere, gogoan edukirik betiere zein neurritan eragin dezakeen bere jokabideak gainerako taldekideen, taldearen beraren eta profesionalen edo zerbitzuen lanean. Diziplina-arteko jokabidea hartuko du aintzat, kontuan harturik taldeko edo sareko beste kide batzuen ezagutzak eta gaitasunak. Etengabeko koordinazio sistematikorako jarrerak zehaztuko du Gizarte Hezkuntzaren profesional baten jarduera oro, pertsona edo kolektiboekiko gizarte-hezkuntza jardueren emaitza koherenteak bezain eraikitzaileak izan daitezen.