Gizarte hezitzailearen Kode Deontologikoa

AURRERKARIAK

Lanbidearen hasieratik, kolektibo profesionalaren eztabaidagaia eta kezka-iturria izan da etika profesionala.

Formalki, 1996. urtetik landu eta gogoetetan aintzat hartu da etika profesionalaren eta gizarte-hezkuntza jardueraren arazoa. Urte hartan, Murtzian egin zen Gizarte Hezitzailearen I. Batzarrean hain zuzen ere, sumatu zen bereziki lanbidearen gaineko gogoeta etikoa.

Gizarte hezitzaileekin batean lan egin zuen Deustuko Unibertsitateko irakasle talde batek prestatu eta aurkeztu zuen gai honen inguruko lehen zirriborro-lana (Esbozo de Código Deontológico del Educador/a Social. Hezkuntza Hezitzailearen Kode Deontologikoaren Zirriborroa. Bilbao, 1996), Estatuko profesionalen Elkarte batzuek ondoren garatuko zituzten lanen abiapuntu egokia izango zena. Beraz, hasierako Zirriborro hartan oinarritu da Kode hau.

1996tik aurrera, Mintegiak, Topaketak eta talde-lanak eratu zituzten Gizarte Hezitzaileen Elkarteek, gizarte hezitzailearen deontologiaren inguruan eztabaida-prozesuak zabaldu nahian. Ekin horren fruitua dugu Estatuko Gizarte Hezitzaileen III. Batzarrean Ética y Calidad (Etika eta Kalitatea) izenburuaz aurkeztu zen monografia.

Bartzelonan 2001. Urtean egin zen Estatuko Gizarte Hezitzaileen III. Batzarrean (AIEJI elkartearen XV. Mundu Batzarra) zehaztu ziren kode baten prestakuntzarako konpromisoak ezinbestez behar dituen oinarriak. Batzar hartan berean hitzartu zen Bartzelonako Adierazpenaren eskutik zabaldu zuen Estatuko EGHEE – ASEDES elkarteak 2003an, Hezkuntza Hezitzailearen Kode Deontologikoaren onarpenaz, bururatuko zen prozesua.

ATARIKOA

2002ko azaroaren 30ean Toledon eginiko Batzar Nagusian, Estatuko Gizarte Hezitzaileen III. Batzarrean iragarritakoa zehaztu zuen EGHEE – ASEDES elkartearen Gobernu Batzordeak, lanbiderako Kode Deontologiko bat garatzeko konpromisoa hartu zuen aldetik. Hurrengo Batzar Nagusian aurkeztuko zuela hitz eman zuen.

Xede hari begira, «Kode Deontologikorako batzordea» sortu zen lehenik, eta partaidetza eta eztabaida-prozesua zabaldu zen profesional eta adituen taldeen artean hasierako proposamen baten inguruan. Lan haren fruitua izan zen gizarte hezitzailearen aurreneko Kode Deontologikoaren aurkezpena Toledon, EGHEE – ASEDES elkarteak 2004ko otsailean egin zuen Batzar Nagusian. Segida izan zuen ondoren batzordearen eta adituen lanak, eta aurkezten ari garen kode hau dugu haren emaitza.

Balio beza beraz kode honek denboran malgu jokatuko duen jarduera-gida baten antzera, jakinik betiere praktikara eramango duten deontologia-batzorde, kolegio eta elkarte profesionalen ekarriak hartu ahal izango dituela.

I. ATALA.
Alderdi nagusiak

Jarduera eta jokabide profesionalak orientatzen, lanbidearen jardunean gizarte hezitzaileari laguntzen, eta komunitateari eta oro har pertsonei eskaintzen zaien lanaren kalitatea hobetzen duten oinarri eta arauen multzoa da Kode Deontologiko hau.

Legeei dagokienez, hona hemen Kode honek oinarritzat hartu dituen legeriak: Espainiako Konstituzioa, Pertsonen Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1948), Pertsonen Eskubideen zaintzarako Europako Konbentzioa (1950), Europako Gizarte Karta (1965), Haurren Eskubideen Konbentzioa (New York, 1989), Europar Batasunaren Funtsezko Eskubideen Kartan jasoak (2000) eta Gizarte Hezkuntza pertsona ororen oinarrizko eskubidetzat legez xedatzen dutenak.

Eskubide honen zehaztapena dugu izaera pedagogikoa duen, gizarte-hezkuntza testuinguruak sortzen eta bitartekaritza eta prestakuntza alorretako jarduerak bideratzen dituen eta, gizarte hezitzailearen gaitasun profesionalaren esparruan gauzatzen den lanbide baten ezagutza, eta honako aukera hauek eskaintzen ditu:

  • Hezkuntzaren subjektua gizarte-sareetara jotzeko aukera, hau da, haren gizarteratzea, gizarterako gaitasuna, autonomia eta gizarte zirkulaziorako aukeren garapena.
  • Kultura eta gizartearen sustapena, kultura-ondasunak eskuratzeko aukera berrietara zabaltzeko aukerak eskaintzen diren aldetik, pertsonen hezkuntza, lan, aisia eta gizarte partaidetzarako ikuspegiak zabaltzeko.

Halatan, gizarte-hezkuntza jarduerak pertsona, talde eta komunitateetan hezkuntza mailako aldaketa, garapen eta sustapen-ondorioak eragiteko inplementatzen dituen ezagutza eta gaitasunen bilduma dago Gizarte Hezkuntzaren oinarrian.

Gizarteari, komunitateari eta pertsonei oro har gizarte-hezkuntza zerbitzu eta baliabide batzuk eskaintzeko xedean azaldu, eratu eta sendotu da Gizarte Hezkuntza.

Lanbideak bat dituen eta praktikaren gidari eta orientatzaile diren oinarri eta arau etikoen defentsa aintzat hartu den seinale dugu Kode Deontologiko baten eraikuntza. Gizarte hezitzaileek gehienetan zailtasun eta mendekotasun egoeran bizi den populazioaren aurrean hartu duten erantzukizunaren isla ere bada, mendekotasun-egoera hori jakintza eta praktika profesional baten bitartez aldatzeko aukera duten aldetik. Hezkuntza-harremanen asimetria argiro erakusten duen ahalmen baten jabe bilakatzen du gaitasun profesional horrek gizarte hezitzailea.

Testuinguru horretan, konfiantzan oinarrituriko harremanen eta bi aldeei erantzukizuna eskatzen dien hitzarmenaren eraikuntza du ezinbesteko gizarte eta hezkuntza jarduerak, eta beharrezkoa da, beraz, gizarte hezitzaileak konfiantza hori bere boterea orientatu eta mugatuko duen Kode Deontologiko baten bidez bermatzea.

Era berean, gizarte hezitzaileak edo hezkuntza-taldeak gizarte-hezkuntzan bideratzen dituen jardueren erantzukizun profesionalaren isla dugu, alde batetik, Kode Deontologikoaren eraikuntza, eta zaindu egiten da, beste aldetik, lanbide gisa gizarte premia eta eskari batzuen aurrean duen autonomia, berezko egitura teoriko batzuen eta gizartean duen balioaren ezagutzaren bitartez. Beraz, lanbideak eta gizarte hezitzaileek lanbideak eta gizarte hezitzaileek gizarte politikaren, agintarien, galdeen, presioaren eta erakundeen ekinen araberako beharkizunen aurrean duten autonomia sendotzen du kodeak, oztopo gerta baitaitezke horiek guztiak hezkuntzaren subjektu diren pertsonei helburuen aldeko jardunean. Autonomia horren zaindari dira subjektu kolektibo eta bitartekari diharduten kolegio edota elkarte profesionalak, oinarri deontologiko orokorretan oinarrituz.

Hona hemen profesionalek, ari diren esparruan, eraikitako gizarte praktika ororen ezaugarrien oinarrizko alderdiak: ezagutza bereziak; ezagutza horietarako prestakuntza eta ikasketak, gaitasun eta trebetasun bilakatu ahal izan daitezen; kode etiko bat, trebetasun horien araberako jardunean erantzukizunean oinarrituriko ekina justifikatuko duen autoerregulazio-tresna gisa; barne joko-arauen sorrera, profesionalak elkarren artean eta beste profesionalekiko harremanetan egituratu ahal izateko eta, azkenik, lan-merkatuan duten presentzia justifikatuko duen jarduera politikoa, pertsonen gizarte eta hezkuntza premia eta eskariei erantzunez.

Gizarte Hezkuntzaren oinarrizko erreferentzia zientifikoak dira Gizarte Pedagogia, Psikologia, Soziologia, Antropologia eta Filosofia. Osagai teorikoak, metodologikoak eta/edo teknikoak eskaintze dituzte erreferentzia horiek gizarte eta hezkuntza lanari begira.

Jarduna orientatzen duten diziplinen ekarriak zabalduz, lanbide honek berezko dituen ezagutza batzuen corpusa sortu eta osatu da, esperientziaren kontzeptualizazioaren ondorioz.

Hiru antolakuntza-kategoria edo irizpideren araberakoa da gizarte hezitzailearen egunoroko hezkuntza-praktika. Haietan, egoerak aztertzen eta gizarte eta hezkuntza proiektuak diseinatzen, planifikatzen, bururatzen eta ebaluatzen ditu gizarte hezitzaileak:

  1. Testuinguruko jarduerak, hau da, hezkuntza-espazioak sortu, hobetu eta baliabidez hornitzeko egitekoak eta ekintzak:
    • Gizarte eta hezkuntza programen azterketan, diseinuan, plangintzan eta ebaluazioan parte hartzea.
    • Herritarren partaidetzarako gizarte eta kultura politiken orientabidean parte hartzea.
    • Pertsonentzako zerbitzuen arteko sareen sorrerarako aukera emango duten erakunde, elkarte eta gainerako bazkun publiko nahiz pribatuekin jarduerak garatzea, gizarte eta hezkuntza jarduerei begira.
  2. Bitartekaritza izaerako jarduerak, bitartekaritza gizarte hezitzaileek pertsonaren eta kultura-edukien artean topaketa aberasgarri bat bideratzeko beste pertsona, talde edo leku batzuk kontuan harturik egiten duten lantzat hartuta.
  3. Prestakuntza eta transmisio mailako jarduerak. Pertsonak, taldeak eta komunitateak kultura-elementuen jabe bilakatzeko aukera ematen dutenak. Kontzeptu-tresnen, trebetasun teknikoen edo gizartean elkar-eragiteko formen irakaskuntza-ekintzak.

II. ATALA.
Oinarri Deontologiko Orokorrak

Lanbidearen jardueraren hobekuntza kualitatiboa bultzatu nahi dute ondoko funtsezko oinarri hauek. Gizarte hezitzailearen jarduera orientatuko duten oinarriak dira.

1. Giza Eskubideen errespetua.
Gizarte hezitzaileak oinarrizko eskubideen esparruaren barruan eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean zehazturiko eskubideen arabera jardungo du beti.

2. Gizarte eta hezkuntza jardueraren subjektuen errespetua.
Gizarte hezitzaileak lanean ari den pertsonen alde jardungo du eta haien autonomia eta askatasuna errespetatuko ditu. Oinarri honen funtsean daude duintasunaren errespetua eta profesionaltasunaren oinarria, Kode honetan deskribatua.

3. Gizarte justizia.
Zuzenbide Gizarte Estatu Demokratikoaren esparruan eta ez ongiletza edo karitate-arrazoiengatik, gure komunitateko edozein pertsonak du gizarte zerbitzuetarako eskubidea, eta eskubide horretan oinarrituko da betiere gizarte hezitzailearen jarduna.

Gainera, gizarte eta hezkuntza ekintzaren prozesuan betiere jardungo du gizarte hezitzaileak pertsona, talde eta komunitateen garapen eta ongizate oso integralaren alde eta, egoera kritikoetan ez ezik, eguneroko bizitzaren globalitatean ere hartuko du parte, azentua gizarteratzea zailtzen duten eta pertsonen marjinazioa eta bazterketa ekar ditzaketen gizarte baldintzen gainean ipiniz.

4. Profesionaltasuna.
Bideratzen dituen jardueretarako gaitasunean, gauzatasunean eta kualifikazioan, auto-kontrolerako duen gaitasunean eta bere praxi profesionalaren gainean gogoeta egiteko gaitasunean oinarritzen da gizarte hezitzailearen aginte profesionala. Unibertsitate-titulu bereziak edo Gizarte Hezkuntzarako kolegio profesional baten araberako gaitzeak ematen diote abala jarduera profesional horri.

Gizarte hezitzailea bere praktika profesionaleko metodo, estrategia eta tresnen erabilera zorrotzerako prestaturik dago bere lanbidean, eta gai izango da halaber bere presentziak gizarte eta hezkuntza jarduna muga dezakeen une kritikoak zehaztu eta identifikatzeko. Beharreko gaitasunez hornitu da eguneko praktika gauzatzeko, hala teorian nola praktikan. Lanari ekiterakoan taldean edo sarean bideraturiko hezkuntza-proiektu batean oinarrituriko hezkuntza-asmo zintzo bat du beti eta etengabe ikasteko prest dago etenik ez duen ikaskuntza-prozesu baten bidez, jakinik haren bidez garatuko dituela jarduera profesionala erraztuko dioten baliabideak.

5. Gizarte eta hezkuntza jarduera.
Oinarrizko egitekotzat pertsonari bere bizitzako protagonista izaten lagunduko dion hezkuntza-lotura baten sorrera duen hezkuntzaren profesionala da gizarte hezitzailea.

Gainera, bere egiteko profesionala pertsonari, taldeari eta komunitateari bizi maila hobetzen laguntzea delako ustea eta erantzukizun osoa izango da gizartea hezitzailearen oinarria gizarte eta hezkuntza jarduera guztietan. Beraz, gizarte eta hezkuntza harreman horretan ez dagokio protagonista papera, lanean harremanetan dagoen pertsona, talde edo komunitateen nortasuna harturik.

Halatan, gizarte eta hezkuntza jardueretan zuzenean hurbiltzen saiatuko da beti lan-esparruko pertsonengana, haiengan norberaren hazkunde positibo baterako eta bizi diren komunitatean integrazio kritiko baterako aukera emango duten hezkuntza-prozesuak sustatuz eta bultzatuz.

6. Autonomia profesionala.
Gogoan edukiko du gizarte hezitzaileak gizartean lanbidearen bitartez bideratzen duen funtzioa, haren funtsezko oinarri deontologiko orokorren arabera gizartean dauden premia batzuei hezkuntza mailako erantzuna ematen direlarik. Lanbidearen ordain gisa, haren araberako jardueren ondorioz sortutako erantzukizunak beretuko ditu.

7. Koherentzia instituzionala..
Lanean ariko den instituzioaren eskaria, hezkuntza-proiektua eta barne erregimenerako araudia ezagutu eta errespetatuko ditu gizarte hezitzaileak.

8. Informazio arduratsua eta isilpekotasuna.
Laguntzen ari den pertsonen zuzeneko edo zeharkako informazioei dagokien sekretu profesionala gordeko du gizarte hezitzaileak. Lanbideak hala eskatuta profesionalen edo erakundeen artean informazioa eman edo jaso behar denean, pertsona, talde komunitatearen alde jokatuko du gizarte hezitzaileak informazio-translazio horietan guztietan, eta oinarri etikoetan eta/edo legezko arauetan oinarrituko da beti jardun horretan, interesatuak eginiko guztien jakinaren gainean edukiko dituela.

9. Elkartasun profesionala.
Jarrera aktibo, eraikitzaile eta solidarioari eutsiko dio beti gizarte hezitzaileak gizarte-hezkuntza jardueran parte hartzen duten gainerako profesionalekiko harremanetan.

10. Partaidetza komunitarioa.
Gizarte hezitzaileak komunitatearen partaidetza bultzatuko du hezkuntza-egitekoetan, pertsonen bizi maila aldatzeko eta hobetzeko baliabideak eta gaitasunak sorraraziko dituena berekin harremanetan dagoen komunitatea bera izan dadin bultzatuz.

11. Funtzioen eta koordinazioen arteko osagarritasuna.
Modu koordinatuan lan egingo du gizarte ekintzaileak, taldeetan edo/eta sareetan aritzean. Taldean duen funtzioa ezagutuko du, bai eta sarean okupatzen duen lekua edo posizioa ere, gogoan edukirik betiere zein neurritan eragin dezakeen bere jokabideak gainerako taldekideen, taldearen beraren eta profesionalen edo zerbitzuen lanean. Diziplina-arteko jokabidea hartuko du aintzat, kontuan harturik taldeko edo sareko beste kide batzuen ezagutzak eta gaitasunak. Etengabeko koordinazio sistematikorako jarrerak zehaztuko du Gizarte Hezkuntzaren profesional baten jarduera oro, pertsona edo kolektiboekiko gizarte-hezkuntza jardueren emaitza koherenteak bezain eraikitzaileak izan daitezen.

III. ATALA.
Arau Deontologiko Nagusiak

LEHEN SEKZIOA:
Gizarte hezitzailea gizarte-hezkuntzaren subjektuekiko harremanetan

1. Artikulua. Pertsonarekiko harremanetan, berdintasunean oinarrituriko tratua bideratuko du, sexu, adin, erlijio, ideologia, etnia, hizkuntza edo beste edozein berezitasunengatik diskriminaziorik eragingo ez duela.

2. Artikulua. Gizarte-hezkuntza jardueretan, pertsonen duintasunaren aurkako metodoak eta teknikak, eta gutxieste nahiz diskriminaziorako aukera erraz sorraraz dezaketen nozio eta etiketen erabilera baztertuko ditu.

3. Artikulua. Gizarte-hezkuntza jardueretan, pertsonaren edo haren legezko ordezkariaren erabakia kontuan hartuko du. Horrekin batera hartuko da aintzat gizarte-hezkuntza jardueraren bukaera, pertsona adin nagusien eta emantzipatuen borondatetik abiatuta.

4. Artikulua. Gizarte-hezkuntza jardueren prozesuan, harreman profesionaletatik gaineko lotura oro saihestuko du pertsonekiko jardunean, baldin eta mendekotasun afektiboa edo intimoa badakarte.

5. Artikulua. Familia nahiz taldearen inguru hurbilenaren egoera ezagutuko du, hala gizarte-hezkuntza jarduera haiekin guztiekin taldean bideratzen bada, nola bakarka edo talde horretako kide batzuekin bideratzen bada.

6. Artikulua. Inguru hurbileneko kide guztien eta bakoitzaren baliabide pertsonalak eta sozialak bultzatuko ditu, ahal neurrian, azaldu diren egoerei heltzeko moduan egon daitezen eta una uneko konponbidearen bila saia daitezen. Zentzu honetan, egitekoaren osagarri eta lagungarri gerta daitezkeen sareak eta zerbitzuak ezagutuko ditu, bai eta abiarazteko eta bideratzen ari den lanarekin uztartzeko modua ere.

7. Artikulua. Goitik beherako profesionaltasun zorrotza erakutsiko du beti informazioa erabiltzerakoan:

  1. Eskubidea izango du gizarte-hezkuntza jardueren bitartez harremanetan jarritako pertsonei buruzko informazio guztia jasotzeko.
  2. Informazio horren isilpekotasuna errespetatu eta babestuko du.
  3. Pertsonei eta haien inguruari buruz zein informazio garrantzitsu lortu behar duen jakingo du une oro.
  4. Egiazko informazio kontrastatua baizik ez du transmitituko, informazioa balorazio, iritzi eta pronostikoetatik bereiziz kasu guztietan.
  5. Informazio hori transmititu behar duelarik, jarduerako subjektua, haren ordezkaria edo tutorea, jakinaren gainean dagoela eta, ahal neurrian, haren baimenaz, egingo du transmisio hori.
  6. Inolaz ere ez da, bere edo herenen onurarako, informazio pribilegiatuaz edo bere lanbideak egoera eta posizio batzuen inguruan eskaintzen dion ezagueraz baliatuko.

BIGARREN SEKZIOA:
Gizarte hezitzailea bere lanbidearekiko harremanetan

8. Artikulua. Gizarte hezitzaileak proiektuen bidez egiten du lan eta, jarduera integral bat bermatzearren, maila guztietan planifikatuko du gizarte-hezkuntza jarduna, eta ez du haren osagai bakarrik ere halabeharraren eskuetan utziko. Gainera, ebaluazio kritikorako jarrerari eutsiko dio betiere.

9. Artikulua. Gizarte-hezkuntza jardueren garapenari begira, ahalik eta informazio gehiena jasoko du eta arduraz eta metodologiaren zorroztasunaz (zehaztasuna adierazleetan eta datuak jasotzeko mekanismoetan) aztertuko du, objektiboki, egoera bakoitza. Informazioa jaso ondoren, gizarte-hezkuntza jardueraren planteamenduan eta garapenean parte hartuko duten elementu eta osagai subjektiboak ere hartuko ditu kontuan.

10. Artikulua. Gizarte-hezkuntza jardueretan, zuzen ordezkatuko du bere lanbidea eta une oro zainduko du bere jokaera, haren bidez kalterik eragin ez diezaion. Bere lanbidearen prestigioa eta errespetua zainduko ditu, eta egoki erabiliko ditu haren araberako terminoak, tresnak eta teknikak.

11. Artikulua. Bere tituluaz ez du titulurik ez duten edo beharreko gaitzearen jabe ez diren pertsonen praktika profesionala ebalatuko, ez eta estaliko. Era berean, intrusismo kasuak salatuko ditu, haren ezaguerara heldu orduko.

12. Artikulua. Lankide bat, hezitzaile nahiz bestelako profesional bat, bere lanbidearen esparruan zuzen ari ez dela susmatzeko arrazoi aski dagoela ikusten badu, egoera horren berri jakinaraziko dio kolegio profesionalari.

13. Artikulua. Bere lanbidearen, Gizarte Hezkuntza izena duen lanbidearen Kode Deontologikoa onartuko du gizarte hezitzaileak, babesa emango baitio lanari ekiterakoan. Beraz, ez ditu hartan zehazten diren eskubideak eta betebeharrak hautsiko dituzten oztopoak eta debekuak onartuko.

HIRUGARREN SEKZIOA:
Gizarte hezitzailea bere taldearekiko harremanetan

14. Artikulua. Instituzio edo erakunde bateko taldean lan egiten duelarik, jakitun izango da une oro talde horretako partaidea dela eta harekiko eta haren gizarte-hezkuntza proiektuarekiko koherentzia erakutsiko du.

15. Artikulua. Begirunez hartuko du lanean ari den taldea eta hura osatzen duten kide guztiak eta haietako bakoitza.

16. Artikulua. Profesionaltasuna lehenetsiko du taldekideekiko harreman afektiboen aurretik.

17. Artikulua. Talde bateko kide gisa, proiektuen hezkuntza-alderdiak, taldeko profesionalen gizarte-hezkuntza jarduerak gidatuko dituztenak, landuko ditu, eta haren garapena bultzatuko du bere gogoeten bitartez.

18. Artikulua. Taldeko beste kideekin batean, gizarte-hezkuntza jardueren planifikazioa, diseinua, abiaraztea eta ebaluazioa bultzatuko ditu, bai eta informazioaren transmisiorako mekanismoak eta irizpideak gauzatu ere.

19. Artikulua. Saihestu egingo ditu taldeko beste kideek gizarte-hezkuntza jardueraren pertsona subjektuekin bideratuko dituzten funtzio, egiteko eta harreman guztietan gerta litezkeen interferentziak.

20. Artikulua. Taldearen erabakiak errespetatu eta onartuko ditu, kontrastatu, argudiatu eta hitzartu eta gero, bai eta haiekin bat ez datorrenean ere, eta bere egingo ditu gizarte-hezkuntza jarduera garatzerakoan, taldeak hartu duen erabakia kode honen eduki guztien araberakoa bada eta profesionalen interesen gainean pertsonen interesa lehenetsi bada.

21. Artikulua. Taldeko kide batek bideraturiko irregulartasunen berri jakinaraziko dio taldeari edo erakundeari, lanbidearen praktikan pertsonen duintasuna eta errespetua kalteturik gertatu direnean.

LAUGARREN SEKZIOA:
Gizarte ekintzailea lanean ari den erakundearekiko harremanetan

22. Artikulua. Lan profesionala bideratzen ari den erakundearen oinarri ideologikoak ezagutu eta errespetatuko ditu, haren hezkuntza-proiektua partekatuko du eta kontsekuente izan behar du haren arauekin.

23. Artikulua. Erakundeak bideraturiko irregulartasunen berri jakinaraziko dio kolegio profesionalari, lanbidearen praktikan pertsonen duintasuna eta errespetua kalteturik gertatu direnean.

BOSGARREN SEKZIOA:
Gizarte hezitzailea oro har harturiko gizartearekiko harremanetan

24. Artikulua. Praktika profesionalean, kolaborazio-lanak bideratuko ditu komunitatean dauden zerbitzuekin, instituzioak baliabideen optimizazioa eta gizarte-hezkuntza zerbitzuen eskaintzaren hobekuntza bultzatzeko jardunean inplikatuz.

25. Artikulua. Lan eraginkorra bideratuko du komunitatean, inguruneko gizarte eta kultura bizitza bultzatuz, eta pertsonen hezkuntza globala eragina eduki dezaketen gizarte eta kultura alderdi guztien ezagutza eta balorazioa sustatuz.

26. Artikulua. Aholkularitzarako ekinaldien, publizitate nahiz politika kanpainen eta antzekoen kasuan, edukien egiatasuna eta pertsona eta taldeen errespetua zainduko ditu bereziki, Gizarte Hezkuntzarekiko alderdietan.

27. Artikulua. Kontzientzia kritikoa bultzatuko du gizarte arazoen eta haien kausen aurrean.

28. Artikulua. Adi egongo da eta kritiko azalduko da hedabideen informazio manipulatu edo ez zehatzen aurrean, pertsona, talde edo komunitateen estigmatizazioa areagotu

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Lanbidean zuzenean ukituko duten gaietan, ezagutu eta beteko ditu bere lurraldeko Kolegio Ofizialaren estatutu-arauak, erabakiak edo ebazpenak, bai eta Gizarte Hezitzaileen Kolegio Ofizialen Batzorde Nagusiarenak ere.

Bigarrena. Estatuko lurralde guztian aplikatuko da Gizarte Hezitzailearen Kode Deontologiko hau, eta gizarte hezitzaile guztiek ezagutu eta beteko dute.

EGHEE – ASEDES, 2007ko apirila

Kode DEONTOLOGIKOA kontsulta dezakezu PROFESIONALIZAZIORAKO-DOKUMENTUEN 19. orrialdetik 32.era

Deskargatu PROFESIONALIZAZIORAKO DOKUMENTUAKDeskargatu PRINTZIPIO DEONTOLOGIKOEN BIDEOAK